Euskal Herria, Europako herri-naziorik zaharrena, biziraupena
da.
Euskal Herria (izen honek "euskal hizkuntzaren herria"
adierazi nahi du eta, era berean, herria eta lurraldea izendatzen
ditu, hau da, Euskal Herria eta euskaldunen Herria), batez ere,
biziraupen misteriotsua da.
Europa Hegoekialdean kokatua dago -Ozeano Atlantikoan dagoen Bizkaiko
Golkoaren bihurgunean eta Mendebaldeko Pirinioetarako bidean,
hain zuzen- eta hiru mila milioi biztanle baino gutxixeago
ditu (2.873.512 biztanle 1990eko azken frantses-erroldaren
eta 1991ko azken espainol-erroldaren arabera) hogeita bat mila
kilometro karratura iristen ez den lurraldean (20.618).
Sei probintziak osatzen dute (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi,
Nafarroa eta Zuberoa; Nafarroa zatitua eta banandua dago iparraldetik,
Behe Nafarroatik, alegia, muga frantses-espainolaren bitartez).
Gaur egun, Euskal Herriaren zatirik handiena eta biztanleriaren
gehiengoa estatu espainolaren menpe dago (lurraldearen %86 eta
biztanleen%91); gainontzeko guztia, berriz, estatu frantsesaren
menpe dago (lurraldearen %14 eta biztanleen %9).
Nolanahi ere, Neolitiko garaian, jada, euskal herria osatua zegoen
eta euskaraz hitz egiten zuen bertako biztanleak; euskara, hain
justu, Europako hizkuntza pre-indoeuropar bakarra da, orain dela
4.000 urte inguru Europara iritsitako tribu indoeuroparrak baino
lehenagokoa. Ez du ahaide ezagunik, irla-hizkuntza da.
Aiztoa eta aizkora bezalako lanabesen euskarazko gaurko izenek
haitz hitza (harria, alegia) dute erroan, eta, honek,
argi eta garbi adierazten du aizkora eta aiztoa, izen horiek ipini
zitzaizkienean, harriarekin egiten zirela. Euskal Herria eta
euskara zaharrenak ditugu gaur Europan bizirik dirauten herri
eta hizkuntza guztien artean.
Orain dela 150.000 urte, Riss glaziazioaren erdiko fasean, bazegoen gizakirik, jada, gaur Euskal Herria izenez ezagutzen dugun lurraldean. Paleolitiko erdian, bestalde, kristo aurreko 90.000 eta 32.000 urteen artean, hain zuzen, Neanderthal garaiko biztanle-talde txiki bat bizi izan zen leizezuloetan, harkaizpean babestuta edo atari zabalean. Kristo aurreko 32.000tik 8.000ra luzatu zen Goi Paleolitikoaren azkenaldian,
berriz, gerora euskal tipoan bilakatutako gizaki-tipoa
agertu zen.
Euskal Herriaren mendebaldean, Karrantzan, zehatz esateko, badago
k.a 25.000 eta 16.000 urteen artean eraikitako santutegi bat;
ez da bakarra, ordea, izan ere, Euskal Herriko beste hainbat tokitan
Madeleine aldian (Goi Paleolitikoaren azken fasean) halako batzuk
eraiki zituzten leizezuloetan: hortxe ditugu, adibidez, Santimamiñe
eta Arenaza (orain dela 13.500 eta 13.000 urte dekoratuak), Ekain,
etab.
Bestalde, Itziarren (Deba, Gipuzkoa) dagoen Urtiagako leizezuloan
aurkitutako garezur-multzoak nahikoa ongi erakusten digu euskal
gizaki-tipoaren eraketa. Garezur horietan zaharrenak (Goi Paleolitikoaren
bukaerakoa-edo) Kromagnoneko gizakiarekin duen ahaidetasun handia
erakusten du eta, aldi berean, gaurko euskal tiporanzko eboluzioaren
hasieraren berri ematen digu; bien bitartean, aztarnategi berean
aurkitutako garezur azilienseak (k.a 8.500.etik 5.000.urtera luzatzen
da aziliense-aldia) Kromagnon-tipoaren eta euskal tipoaren artean
kokatzen dira. Gure herriaren mendialdean aurkitutako Brontze
Aroko garezur gehienak, berriz, euskal tipoaren itxurakoak dira,
jada.
Beraz, horrek guztiak zera adierazten du: euskal herria EZ
zela kanpoan sortu gero hona bertaratu eta hementxe geratzeko;
aitzitik, adierazi nahi du euskal herria Mendebaldeko Pirinioetan
sortu zela Kromagnon gizakiak bertan izandako eboluzioaren
ondorioz. Egia esan, arestian aipatutako garezurraren berezitasunak
indar handiagoa dute egun, izan ere, ondoren egindako ikerketetan
agerian geratu dira euskal gizaki-tipoaren odolaren berezitasunak
(0 odol-taldearen portzentaia handia, esaterako, baina baita Rh
negatiboaren portzentaia oso handia ere).
Honekin jarraituz, aipatzekoa da oraindik orain bi lan argitaratu
direla EEBBetan: Iberiar Penintsulako historia genetikoari buruzkoa
bata, Euskal Herriari buruzkoa bestea, "Principal
component analisis of the gene frecuencies and the origen
of basques" izenekoa, hain zuzen. Jaume Bertrandpetit
eta Fancesc Calafell-ek, Bartzelonako Unibertsitateko antropologoek,
aski ezaguna den herentziazko transmisioaren ADNko gene desberdinen
maiztasuna ikertu dute, eta, horrela, jakin ahal izan dute "
Euskal Herriaren bereizte genetikoa orain dela 18.000 urte
inguru sortu zela, azken glaziazioaren unerik gorenean".
Antropologoetako batek azaldu duen moduan, beti nagusitu da "euskaldunena
herri autoktonoa delako ideia; esan nahi baita milaka urtetan
egon zirela leku berean". Azken batean, eta Calafellek
dioen bezala, ikerketak honako berrikuntza dakar: "Hipotesi
hau berretsi dugu eta baita zehaztu ere, datak eta mekanismoak
gehitu baitizkiogu".
Euskal Herriari buruz zerbait egiazkoa esan badaiteke, BIZIRIK
DIRAUEN HERRIA dela esan dezakegu.
Euskal Herria, batez ere, lurralde batekin elkarreragin luzea
duen biziraupena da. Hain zuzen ere, lurralde horrek kontzientzia
produktiboa sortu du eta atzerriko dominazioari ere aurka egin
dio behin eta berriz. Azken batean, milaka eta milaka urtetan
(18.000, gutxienez) giza talde batek lurralde berarekin izandako
elkarreragin luzearen prozesu historikoak sortu du -azkarregi-edo-
euskal herria.
Egia esan, elkarreragin emankorra izan da, giza talde hori etnia
batean, herri batean bilakatu baitu, euskal herrian, alegia; eta,
gainera, ezin eskertuzko altxorra fabrikatu dio: bere "kontzientzia
produktiboa"; hau da, Iñaki Gil de San Vicente
euskal autoreak dioenaren arabera, fabrikatu diona "komunitate
bati zentzua ematen dioten forma eta edukien multzoa izan da;
honela, BEREZKO KONTZIENTZIA du, berezko autoidentitatea eta bereizia,
beste komunitate batzuekin alderatuz gero, behintzat".
Horrela, bada, zientifikoki frogatu da euskal herriak 18.000 urte
daramatzala (hemezortzi mila urte), gutxienez, Euskal Herriaren
lurraldean bizitzen segidan. Horrekin batera, jakina da euskal
herri horrek sarri egin diola aurre atzerriko dominazioari,
eta hauxe izango da, hain justu, mugimendu nazionalisten sorrera
eta nazio bat eraikitzeko dagoen nahia bultzatuko dituena.
Horretaz guztiaz hitz egingo dugu hemen.
LORBIDEk itzulia euskarara